viernes, 30 de octubre de 2009

Elkarrizketa IÑAKI ALKIZA

“Anoetan bilbotarrekin zarata izango zen, baina gu ez gara hain zaratatsuak; desberdinak gara”

UNAI ZUBELDIA. 20-09-09.

Zale bezala hasi, jokalari bezala segi, zuzendaritzan sartu, presidente kargua hartu eta zale gisa amaitu. Ziklo hori egin du Iñaki Alkizak (Herrera, Donostia, 1933) Realean, eta kolore txuriurdinekiko sentimendu berezia daukala onartu du. Ligako lehen partidak ikusita, zalantza asko dauzka taldearen gaitasunean, baina pazientzia eskatu du.

Ehun urte bete ditu jada klubak. Zer da Reala zuretzat?

Zaila da esatea. Urte askoan egon naiz Realean eta lotura handia sentitzen dut. 1956an hasi nintzen jokatzen, baina aurretik, zazpi bat urterekin-edo, Atotxara joaten nintzen aitarekin. Eta, pentsa, oraindik ez dut utzi!

Jokalari, zuzendaritzako kide, presidente eta zale izan zara. Noiz gozatu duzu gehien Realarekin?

Askotan. Taldeak bi ligak irabazi zituenean, 1981 eta 1982an, Kopa irabazi zuenean ere bai, 1987an... Horiek izan dira momenturik onenak. 1981ean eta 1982an zuzendaritzan nengoen, eta 1987an presidente.

Eta sufritu, noiz sufritu duzu gehien?

Presidente nintzela, gure mutila [Bittor Alkiza] barruan zegoenean. Asko sufritzen nuen gure mutila kritikatzen zutenean. Toschacki kosta zitzaion semea taldean sartzea, baina berehala bidali egin behar zuela esanez hasi zen. Eta bidali zuen.

Semeak zer esaten zizun orduan?

Berak ez zuen joan nahi. Bartzelona eta Real Madril zebiltzan bere atzetik, eta egun batean deitu eta Realak saldu zuela esan nionean, "Bartzelonara edo Real Madrilera?", galdetu zidan. Bilbora zihoala erantzun nion, eta ez zela joango esan zidan. Bazkaltzean hitz egin genuen, eta arratsaldean joan ginen Athleticeko presidentearekin hitz egitera. Pare bat orduan konpondu ziren gauzak, alde handia baitago hemen lau irabaztetik han zortzi irabaztera. Entrenatzailea egoskortuta zegoen, eta aldaketa behar zuen.

Zuk 1956an egin zenuen debuta. Atletico Madril-Reala. Gogoan daukazu, ezta?

Noski! Lehen partida jokatu eta irabazi! Zaila izango da Atletico Madrili irabaztea, baina guk bost gol sartu genizkion (4-5).

Garai hartan zer esan nahi zuen Realarekin debuta egiteak?

Orduan denak hemengoak ginen. Bat Intxaurrondokoa, bestea Elgoibarkoa, Eibarkoa, Lasartekoa... Gogoratzen naiz partida askotan aginduak emateko euskaraz hitz egiten genuela, aurkariek ez ulertzeko.

Artean gaztea zinela, giltzurrunetako minez hasi zinen. Hori izan zen, agian, partidarik gogorrena?

Bai. Azken bi urteetan minez egon nintzen, eta azken uda oso txarra izan zen. Aztertu eta berehala esan zidaten dena uzteko. Momentuan ez nuen egin ebakuntzarik, baina handik 3-4 urtera bai. Ondo gelditu nintzen, baina oso argal nengoen aurretik.

Trantsizio garaian Donostiako Udalean ere sartu zinen. Futbolak gehiegi dauka politikatik, edo eduki behar du pixka bat?

Futbola eta politika ez dira nahastu behar. Anoetarekin bezala, politika arloak lagundu egin behar diola futbolari? Bai. Baina ezin da gehiago sartu.

Jose Luis Orbegozori buruzko iritzia eskatuz gero?

Chapeau! Berekin ikasi nuen zer zen zuzendaritzan lan egitea.

Eta behin ikasita, zer ikusi zenuen presidente karguan?

Lehendik ikusten nuena. Egoera ez zen gehiegi aldatu. Zorte handia eduki nuen hala ere, Jose Luisek kargua utzi zuenean taldea behera baitzihoan, eta guk Toschack ekarri eta berriz ere altxa egin baikenuen.

Ormaetxea kargutik kendutakoan, nolatan fitxatu zenuten Toschack?

Gu ez ginen joan bere bila. Realak Celtic Glasgow-ren aurka jokatu zuen hemen, eta une hartan Billy McNeill entrenatzaile hura fitxatu nahi izan genuen. Manchester City-n zegoen, eta haren bila joan ginen. Bizpahiru partida falta ziren liga amaitzeko, eta Lehen Mailara igotzen baziren han geratuko zela esan zigun, bestela Donostiara etorriko zela. Igo egin ziren, eta berak esan zigun Portugalgo Sportingen bazegoela entrenatzaile bat, ziurrenik Realera etortzeko prest. Hitz egin genuen, ez zen oso garestia, eta horrela fitxatu genuen.

Zer datorkizu burura John Aldridge izena entzundakoan?

Gauza onak. Niri ez, baina jendeari kosta zitzaion hura fitxatu behar genuela onartzea. Aldridgeren hirugarren edo laugarren partidan batek esan zidan hemen Hirugarren Mailan bazeudela hura baino jokalari hobeak. Asmatu zuen, bai...

Zale askoren ustez, Anoeta da Realaren gaitzetako bat. Ados al zaude?

Ez, ez. Anoetan bilbotarrekin zarata izango zen beti, baina gu ez gara hain zaratatsuak. Gu desberdinak gara.

Atotxan bazen ba zarata...

Bai, baina oso txikia zen hura.

Orduan zein da Realaren arazoa?

Lehenengoa, diru falta. Ez dakit zer gertatu den, baina batere dirurik gabe geratu gara. Horrez gain, ez da asmatu kanpoko jokalariak fitxatzen, eta pixkanaka behera joan gara.

Irtenbiderik ba al dauka egoera honek?

Bai, bai. Lehen ere egon gara behean, eta igo izan gara. Zikloak dira. Ingalaterran Txapeldunen Ligan dabiltzan talde guztiak Bigarren Mailan egonda daude, eta Espainiako Ligan ere Bartzelona, Real Madril eta Athletic salbu, talde handi asko ere jaitsi izan dira: Sevilla, Atletico Madril, Valentzia...

Ba al dago denboraldi honetan igotzeko aukerarik?

Pazientzia pixka bat eduki behar da, eta beste bizpahiru partida ikusi beharko ditugu. Anoetan ez dira oso ondo hasi, baina ez gara berehala etsita jarriko.

Jokalari bat?

Bi emango dizkizut, Luis Arkonada eta Jesus Mari Zamora.

Entrenatzaile bat?

Alberto Ormaetxea eta John Toschack.

Presidente bat?

Jose Luis Orbegozo.

Oroitzapen bat?

Onak asko, eta txarrak hobe ez esatea.

Amets bat?

Lehen Mailara igotzea.


No hay comentarios:

Publicar un comentario