viernes, 30 de octubre de 2009

Elkarrizketa XABI PRIETO

“Goren mailan jokatzeko eskaintzak izan ditut udan baina Realean jokatu nahi dut”


IGOR EGUREN. Anoeta 06-09-09.

Udaoro lotzen da bere izena zenbait talderekin. Kalitate handiko jokalaria da, Lehen Mailara igotzeko beharrezkoak diren horietakoa. Aurten ere etxetik urrun jokatzeko aukera izan du baina garbi zuen zein zen bere aukera: Realarekin igotzea. Xabi Prieto apala da hizketan, dotorea jokoan eta argia ideietan: Realak behar duena.


Lasartek esan zuen ezin bada irabazi ez dela galdu behar. Ados al zaude?

Las Palmasekoa ez zen emaitzarik onena izan baina partida zertan izan zen ikusita berdinketa bidezkoa izan zen. Lehen zatian haiek baino hobeto aritu ginen baina bigarrengoan beraiek nagusitu ziren, beraz, berdinketa ona izan zen.


Entrenatzaile berria eta planteamendu berria. Nola dago taldea?

Taldea oso ondo dago, asmoak eraberrituta eta gauzak ondo egiteko gogoarekin. Hasiera ona egitea ezinbestekoa da denboraldiari baikor ekiteko.


Martin Lasarteren aginduetara ari zarete lanean uztailaz geroztik. Zer moduz egokitu zarete haren jokamoldera?

Ez dago aldaketa handiegirik. Partida guztietan 4-2-3-1 sistema erabili dugu eta ohituta gaude horretara. Apurka-apurka entrenatzaileak eskatzen dizkigun ñabarduretara egokitzen ari gara.


Klubaren helburua igoera da aurten ere. Hirugarrenean aidanez?

Nahiago nuke horrela balitz. Hori da guztiok nahi duguna bainabidea luzea dela badakigu eta pausoz pauso egin behar da. Orain inportanteena lan-taldeak guztiz bat egitea da eta lana ondo eginez denboraldi amaierara aukerekin heltzea, helburua igoera dugulako.


Fitxaketak badira baina Lasartek etxekoen aldeko apustua egin nahi duela esan du. Nola ikusi dituzu zuekin entrenatzen dabiltzan gazteak?

Oso ondo. Aurre-denboraldian erakutsi dute konfiantzarekin ari direla, gogor datozela, eta ziur nago Martinek aukerak emango dizkiela dakitena erakusteko.


Xabi Prietok 24 zenbakia izan du soinean orain arte. Aurten 10a izango du. Erantzukizun handia al da hori zuretzat?

Realean jokatze hutsa erantzukizuna da. Zenbakiarena pasadizozkoa da, ez diot garrantzirik ematen. Lehen taldean nagoen zazpigarren denboraldia da, taldeko kapitainetako bat izatea egokitu zait eta erantzukizun hori hartzeko prest nago.


Aurreikuspena eskatuko dizut. Zeintzuk izango dira aurtengo arerioak igoera lortzeko borroka horretan?

Goizegi da horri erantzuteko, ez baititugu veste taldeak jokoan ikusi. Baina aurretiaz esan genezake Betis lehia horretan izango dela seguruenik eta igoera helburu duten beste zenbait ere bai: Hercules, Murtzia, Recre, Numantzia eta Reala, noski. Talde askok dugu helburu bera.


Xabi Castillo eta Iñigo Diaz de Cerio lagunak eta talde kide ohiak Lehen Mailan ari dira aurten. Inbidia ematen dizu horrek?

Ezta apurrik ere. Haiengatik pozten naiz, veste bide bat hautatu dutelako eta goren mailan ari direlako. Onena opa diet baina ni oso gustura nago hemen.


Izan al duzu eskaintzarik goren mailan jokatzeko?

Bai, izan ditut aukerak baina ez dut horretan pentsatu ere egin. Presidentearekin bildu nintzen iazko denboraldia amaitu aurretik eta nigan konfiantza zutela esan zidaten. Nire betiko asmoa hemen geratzea izan denez ez dut beste aukerarik baloratu; oso uda lasaia izan da niretzat.


Iragan abuztuaren 15ean Real Madrilen auka jokatu zenuten aspaldiko partez. Zer sentitu zenuen?

Partida bereziak dira. Munduko talde onenetako baten aurka jokatzea gauza handia da, oso polita. Ahalik eta lasterren errepikatu nahi dugu esperientzia baina hiru puntuak jokoan direla.


Real Madril munduko talde onenetakoa ez ezik fitxaketetan gehien gastatu duena ere bada. Normala al da futbol munduan gertatzen ari dena?

Gainerako klubetara begiratuz gero aisa ikusten da ez dela egoera normalena. Inor ez zaio Madrili gerturatu fitxaketetan. Azken orduan Barça pixka bat, Ibrahimovic eta Chygrynskiyren kontratazioekin. Dirua dute eta egokiena hori dela baderitzote haien eskubidea da.


Real Madril eta Barça, Barça eta Real Madril. Besterik ikusten al duzu lehia horretan?

Liga berriz ere Barçak irabaziko duela uste dut; taldea egina dute, ondo moldatzen dira eta Madrilek ekipo oso ona egin duen arren asko kostatuko zaio. Lehia bi horien artekoa izango dela ez dut zalantzarik.


Gurera bueltatuz, kluba egonkortasuna lortzen ari dela ematen du.

Jokalariok asko eskertzen dugu klubean futbolaz eta mendeurrenaz bakarrik hitz egitea. Egoerak bere horretan jarraitzea nahi dugu, hori baita aurrera egiteko modurik onena.


Bien bitartean partidak irabazi behar dira...

Ea lortzen dugun gaurkoa irabaztea. Etxean indartsu egotea ezinbestekoa da denboraldi amaieran goiko postuetan egoteko. Iaz huts egin genuen etxean eta hori zuzendu behar dugu.


Ezer eskatu nahi al diozu zalegoari?

Ezin diot askorik eskatu. Beti ematen digun laguntza eskertu nahi diot eta zin egin gure eskuetan dagoen guztia egingo dugula Lehen Mailara heltzeko.


No hay comentarios:

Publicar un comentario